XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure jolasekin hondartza gorien
isiltasun garbia
hautsi genuen.
Ilargia, jakinminez,
zelatan ibili zitzaigun gau amaigabeetan,
leiho irekiaren
uztaian etzanda.

Honakoa ere pentsatu nuen orduan:
Hire maitasuna non, hantxe hire aberria.
Zoriontsu izan behar duk hemen,
hire herriko azpijokoetatik urruti,
nerabe horail honen ondoan.

Ilunpeak batzuetan
haren gorputza islatzen zuen,
biluzik, zeru eta itsasoaren
urre garbi-garbiaren kontrargira.
Hain lurralde magikoa
nire begietarako zen bakarrik,
soil-soilik nire besoetarako. Ez jainkoek
ezta gizakiek ere ezin kenduko zidaten.

Baina ni bezalako gizon batek
ez du nahikorik amodioaz: adiskideekin
hitzegiteko gogoa nuen hiriko
gauzen gainean, tragedia eta diskurtsoak entzun,
sofista eta filosofoen arrazoi
ilunak eztabaidatu.

Pozarren, ia negar egin nuen
berriro ere nire inguruan
Atenaseko xuxurla goxoa entzun nuenean.
Mutiko hura eskutik helduta
bertako kaleak zeharkatu nituen,
hala nola maiteminduak begiez edo ezpainez
zeharkatu ohi duen maite duenaren gorputza.